Mikrokredentzialei buruz

MICROCREDS PLANA UPV/EHUn

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak Microcreds Plana jarri du abian, Europar Batasunaren Next Generation funtsen laguntzaz. Prestakuntza bultzatzeko plan bat da, unibertsitateko mikrokredentzialetan oinarritzen dena.

Europako dirulaguntzari esker, mikrokredentzialen matrikula % 70 murriztera hel daiteke. Gainera, egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako bekak ere badaude.

Zer dira mikrokredentzialak?

Mikrokredentzialak UPV/EHUren berezko ikastaro labur batzuk dira, trebetasun, gaitasun eta jakintza espezifikoak eskuratzekoak.

Etengabeko prestakuntzarako formatu berritzaile bat da, Europar Batasunak sustatua. Gizarteak eta lan merkatuak eskatzen dituzten gaitasunak eta ezagutzak eskuratzeko formula malgu bat eskaintzen dute.

Pentsatuta daude enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko, kualifikazio berriak eskuratzeko, lanbide berrietara egokitzeko, unibertsitaterako jauzia egiteko edo inklusio sozialean laguntzeko.

Zenbat irauten dute?

15 ECTS kreditu baino gutxiago (150 ordu).

Nori zuzenduta daude?

25 eta 64 urte bitartean dituen eta bere ezagutzak edo trebetasun profesional edo akademikoak zabaldu nahi dituen edonori.

Beharrezkoa da unibertsitateko titulu bat izatea?

Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Mikrokredentzial bakoitzak bere baldintzak ezarriko ditu.

Zein modalitatetan ematen dira?

Aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izan daitezke.

Zelan bermatzen da haien kalitatea?

UPV/EHUko ikastegiek badute beren kalitatea bermatzeko sistema bat, eta mikrokredentzialek haren bermea dute.

Zein ziurtagiri eskuratzen da?

Europass ziurtagiri digitala, Europan aitorpen ofiziala duena.

Zertarako balio dute mikrokredentzialek?

Unibertsitateko mikrokredentzialek hainbat gauzatarako balio dute:

Herritarren gaitasunak lan aukera berrietara egokitzeko: izan ere, garapen teknologikoaren eta trantsizio berdearen eraginez, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak aldatzen ari dira .

Jakintzaren gizartea bultzatzeko: gizartean ez litzateke inor geratu behar bere eskubide sozialak edo bere herritar eskubideak baliatu ezinik aldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozialak ulertzeko oztopoak edo haien abiadurari eusteko zailtasunak izateagatik. Beraz, mikrokredentzialak halako bazterketarik ez gertatzeko tresna bat dira.

Goi mailako hezkuntzarako atea zabaltzeko eta sarrera demokratizatzeko:  mikrokredentzialak unibertsitatean ikasteko lehen aukera izan daitezke horretarako baldintza tradizionalak betetzen ez dituzten pertsona heldu askorentzat. Gainera, gradu edo masterrera jauzi egiteko tranpolina izan daitezke: mikrokredentzial kopuru eta mota jakin bat lortuta, helduek sarbide bermatu bat izan dezakete goi mailako hezkuntzako zenbait programatara, gaur egun 25, 40 edo 45 urtetik gorakoentzako probak dauzkaten bezala.

Inklusio soziala sustatzeko: mikrokredentzialak beren-beregi diseinatzen badira talde zaurgarri jakinei zuzenduta  (adibidez, errefuxiatuei begira), inklusiorako lanabes izan daitezke.